Urdaibai biosfera erreserba garapen jasangarrirako ikaskuntza-toki modura bultzatuko duen plana onartu du patronatuak

02/03/2015

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren osoko bilkurak "Garapen jasangarrirako interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntzarako PICE plana" abian jartzea onartu du gaur, datozen 10 urteetan indarrean egongo dena. Patronatuko buru Josean Galerak azaldu duen moduan, "garapen jasangarrirako interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntzako berrogeita hamar bat adituk parte hartu dute agiria idazteko faseetan".

Josean Galerak zehaztu duenez «plan berriak, 2025era arte indarrean egongo denak, jasangarritasunaren gainean maila globalean, estatalean eta lokalean ikasteko espazio bihurtzeko jarduera-ildoak biltzen ditu. Horrez gain, natura- eta kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko garatuko diren ekintzak ere jasotzen ditu, ekonomia berdea eta erakargarritasun turistikoa garatzeko oinarritzat».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila buru duen plana, tokiko eragile guztiekin elkarlanean egindakoa, Biosfera Erreserba jasangarritasunari buruz ikasteko espazio bihurtzeko funtsezko tresna modura aurkeztu dute gaur, biltzen duen ekintza sorta handiari esker; horien bitartez ingurune horretan ekonomia berdea garatzea sustatuko da eta turismo-erakargarritasuna handituko.

Urdaibai Biosfera Erreserba adierazi eta ia 30 urtera sortu da plana; urte horietan ingurune horren garapen jasangarria bultzatu du Eusko Jaurlaritzak, baita haren natura- eta kultura-ondarea zaintzea eta sustatzea ere.

Hau ere gehitu du Patronatuko buru eta Ingurumeneko sailburuordeak: «Planak jasotzen du giza jarduerek ingurune naturalarekin duten interakzioari buruzko ikerketak abian jartzea; garapen jasangarrirako eta ondarearen interpretaziorako hezkuntza bultzatzea, eta herritarrak garapen jasangarriari buruz trebatzeko, gaitzeko eta sentsibilizatzeko jarduerak garatzea Biosfera Erreserban».

Planak balio izango du, orobat, jarduera-arlo horietan lortutako emaitzak esku hartzen duten eragileengana eraginkortasunez irits daitezen, horien arteko informazio-fluxua eta komunikazioa sustatuko baititu. Parte-hartzea ezinbesteko zutabea izan da PICEren diagnosia eta ekintza-plana idazteko prozesu osoan.

Garapen jasangarrirako interpretazioaren, ikerketaren, gaikuntzaren eta hezkuntzaren arloetako erakundeetako berrogeita hamar adituk parte hartzea funtsezkoa izan da informazioa jasotzeko, proposamenak biltzeko, ekintza-plana egituratzeko zein haren aplikazioaren gobernantza eta antolamendua datozen 10 urteetarako finkatzeko. Agiria idazteko orduan lagundu duten eragile berak izango dira plana martxan jarritakoan gauzatzeaz arduratuko direnak.




Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies